Nazioarteko nesken topaketa Aretxabaletan izan da gaur

2026/10/13
Erasmus+ programaren baitan, Turkia, Alemania, Polonia, Palestina eta Aretxabaletako neska gazteak elkartu dira aurten Zarautzen egiten ari den topaketan

Aretxabaletako Gazteleku zerbitzuak hirugarren urtez jarraian parte hartzen du Erasmus+ programaren baitan antolatzen den nazioarteko nesken topaketan. Urriaren 11ko Nesken eskubideen Nazioarteko Egunaren harira, Alemaniako Wiesbaden udalerriak sustatutako ekimen honek herrialde desberdinetako neskak elkartzen ditu, bakoitzak bere inguruan bizi duen errealitatea partekatu eta genero berdintasunaren inguruan hausnartzeko.

Azken bi urteetan Aretxabaletako parte-hartzaileek Polonian egin diren topaketetan hartu dute parte. Aurten, berriz, ekimena Euskal Herrian antolatu da, Zarautzen, eta bertan elkartu dira Turkia, Alemania, Polonia, Palestina eta Aretxabaletik etorritako neska gazteak.

Topaketa urriaren 10ean hasi zen eta hilaren 17ra arte luzatuko da. Astebetez, gazteek elkar ezagutzeko aukera izango dute, bakoitzaren kultura eta errealitateak partekatuz. Horrez gain, hainbat lanketa, dinamika eta bisita egingo dituzte, elkarbizitza, berdintasunaren inguruko hausnarketak bultzatu eta nazioarteko harremanak sustatzeko helburuarekin.

Egitarauaren baitan, gaur, urriak 13, parte-hartzaileek Aretxabaleta bisitatu dute. Goizean zehar Urkuluko ingurunea eta herriko hainbat txoko ezagutzeko aukera izan dute. Eguerdian, 13:00etan, Udaletxean harrera instituzionala egin zaie. Gari Iturbe Aretxabaletako Udaleko alkatea eta gazteria eta berdintasun zinegotzia den Ainhoa Sanchez egon dira bertan.

Arratsaldean, berriz, 16:30etan, TRIL Txoko Feministan egingo den ahalduntze tailerrean parte hartuko dute.

Aretxabaletako Udalak balioan jarri nahi du mota honetako programek nesken garapen pertsonalean, kulturartekotasunean eta nazioarteko lankidetzan egiten duten ekarpena, eta eskerrak eman nahi dizkie ekimenean parte hartzen ari diren gazte guztiei zein programa aurrera eramatea posible egiten duten erakunde eta eragileei.