Korrikaren aldeko jaiaren ondoren lekukoaren zain daude aretxabaletarrak

2011/04/11
Joan den egubakoitzean, hilak 8, egindako jaialdiarekin Korrikaren etorrera girotu eta haren aldeko dirua batu zuten herritarrek. Orain lekukoa noiz iritsiko zain daude: eguenean, 13:30 inguruan.

Buruhandiak eta erraldoiak –aspaldian egun argirik ikusi barik– ibili ziren kalean gora eta behera umeen jolasgurea asetzen eta herriko gaitarien doinuekin egin zuten dantzan guztiek, egubakoitzean. Plazan txistorra mokadutxoa jateko aukera izan zuten gero, eta Arkupen Ain_1 talde arrasatearraren kontzertuarekin gozatzeko. Jaia bukatzeko txistulariekin kalejiran ibili ondoren, bertso afarira jo zuten batzuek Uratz Alde elkartera.

Korrika Txikia lekukoa iritsi aurretik

Eguenean, hilak 14, iritsiko da lekukoa gurera. Aurretik, 11:00etan, herriko umeen txanda izango da eta Korrika Txikia egingo dute kaleetan. Hona ibilbidea: Pausoka haur eskola; Andramari auzunea; Basabeazpi ikastola; Durana kalea; Herriko Plaza; Errekabarren kalea; Loramendi kalea; Araba ibilbidea; eta plazan bukaera. Txikienak plazaraino joango dira, eta Lehen Hezkuntzakoek bi buelta emango dituzte.

Eguerdian iritsiko da Korrika 17 Aramaiotik bueltan (13:30); San Antonioren ermitan hartuko dute lekukoa aretxabaletarrek; hona ibilbidea: Untzilla; Gellao auzoa; Lausitta kalea; Otalora; Durana; Mitarte; Araba Ibilbidea; eta Ederlan lantegi parean eskoriatzarrei pasatuko diete lekukoa.

Donostiara joateko autobusa

Korrikak domekan, hilak 17, bukatuko du ibilbidea Donostian, eta jai handia egingo dute bertan. Hara joan gura dutenendako autobusa antolatu dute Debagoienean. Izena eman gura dutenek Loramendi Elkartera jo dezatela. Azken eguna, martitzena, hilak 12 da, eta prezioa, 8 euro.

Autobusak Eskoriatzatik irtengo du (09:00); Aretxabaletatik pasatu (09:15); Arrasatera jo (09:30); eta Bergaratik bueltan (09:45) Donostiara joango da. Donostiatik itzulera 19:30ean izango da.