Bulego taldeak 'Erdian oraina' diskoa aurkeztuko du urtarrilaren 22an Ibarra kiroldegian

2022/01/11
Hilaren 23an Hika Teatroak 'La Tarara' antzezlana taularatuko du Arkupen. Urtarrilaren 20an eta 21ean Porrotx eta Marimotots pailazoen 'Amaren intxaurrak' ikuskizunaren lau emanaldi eskainiko dira.

Bulego musika talde azkoitiarrak Erdian oraina lehen diskoa aurkeztuko du urtarrilaren 22an Ibarra kiroldegian (19:00etan; bost euro). Tomas Lizarazuk (ahotsa), Itziar Beitiak (teklatua), Jon Larrañagak (baxua), Ruben Lizarraldek (gitarra) eta Xabier Arrietak (bateria) osatzen dute pop boskote hau.

Bulego taldearen kontzertua urtarrileko egitarauaren proposamenetako bat da. Programan antzerkiak ere badu bere lekua, kasu honetan Hika Teatroa konpainiaren eskutik. Urtarrilaren 23an La Tarara euskarazko obra eramango dute Arkupeko oholtza gainera, gaztelaniazko gaintituluekin (19:00etan; bost euro). Kepa Errasti aretxabaletarrarekin batera, Sandra Ferrus, Jurdana Otxoa, Itziar Ituño, Eneritz Artetxe, Jose Cruz Gurrutxaga, Adrian Garcia de los Ojos eta Iñar Sastre dira ikuskizun honen aktoreak, Agurtzane Intxaurragaren zuzendaritzapean.

Haurrei zuzenduta, Porrotx eta Marimotots pailazoek abenduaren 23an atzeratu behar izan zuten Amaren intxaurrak ikuskizuna eskainiko dute urtarrilaren 20an eta 21ean (17:00etan eta 18:30ean). Edukiera %60ra murriztuta, prebentzio-neurri gisa, lau saio programatu dira joan den hilabetean bertan behera utzi ziren emanaldietarako erreserbatutako sarreren kopurua betetzeko. Hilaren 20ko emanaldietarako sarrerak geratzen dira.

Bestalde, urtarrilaren 19an Petra ipurdian bost letra haurrentzako saioa eskainiko du Isabel Agirresorabe ipuin kontalariak liburutegian (18:00etan; izen-emate zabalik dago). Erakusketen atalean, Itziar Azpiroz artista nafarraren Naturaren leihoak/Ventanas de la naturaleza proiektua izango da ikusgai hilaren 31ra arte.