Idazle aretxabaletarrak eta ingurukoak izango dira protagonista Liburuaren Egunean

2023/04/20
Josune Murgoitio, Jon Sarasua eta Judit Ruiz de Munain euren liburuez mintzatuko dira igandean Arkupen. Tere Irastorzak Karmele Igartuaren olerkiak biltzen dituen lana aurkeztuko du. Herriko plazan literatura azoka izango da, eta bertan liburuak saldu eta sinatuko dituzte.

Apirilaren 23an ospatzen den Liburuaren Eguna Aretxabaletako eta inguruko idazleen lanak ezagutzeko aukera paregabea izango da. Iganderako antolatutako egitarauari Arkupen emango diote hasiera, Josune Murgoitio, Jon Sarasua, Judit Ruiz de Munain eta Tere Irastorzaren eskutik.

Zaraia aretoko oholtza gainean aurkeztuko dituzte euren lanak, 12:00etatik aurrera. Horrela, Josune Murgoitio arrasatearrak Lo que sucedió en Turquía bere hirugarren eleberriaren eta bosgarren liburuaren xehetasunak emango ditu. Jon Sarasua aretxabaletarrak Harizko zubiak. Haiti, Pernambuco, Mexiko eta Tangerreko jasokinak izenburuko lana aurkeztuko du, eta Judit Ruiz de Munain Perdiendo la cabeza bere lehen eleberriaz arituko da.

Bestalde, Bergarako Idazle Eskolako zuzendari den Tere Irastorzak Poesia bizitzeko eta sentitzeko modua da liburuaz hitz egingo du. Karmele Igartua aretxabaletarraren olerkien bilduma da, Pamiela argitaletxeak argitaratuta, Udalaren eta Bergarako Idazle Eskolaren laguntzarekin.

Ekitaldi honen ondoren, literatura azokak hartuko du lekukoa Herriko plazan (13:00etan). Bertan, herritarrek Aretxabaletako eta eskualdeko idazleekin hitz egiteko, liburu bat erosteko eta, bide batez, etxera sinatuta eramateko aukera izango dute. Zizka-mizka batzuk ere hartu ahal izango dira.

Aipatutakoez gain, Gema Iñiguez arrasatearrak, Jaione Fernandez de Jauregi eta Xabier Oyanguren Zubizarreta Arivalia eskoriatzarrek, eta Bergarako Idazle Eskolako hainbat ikaslek parte hartuko dute.