Udalak bonuak sortu ditu herrian kontsumoa sustatzeko

2020/05/14
Maiatzetik abendura bitartean, hilean 950 bonu aterako dira 50 eta 5 euroko taloitegietan, ahalik eta establezimendu gehienetara heltzeko. Astelehenetik aurrera jarriko dira salgai Arkupen, eta bi hilabeteko iraungipena izango dute.

Aretxabaletako Udalak bonu-kanpaina bat abiatuko du herriko dendetan, ostalaritzan eta negozio txikietan kontsumoa sustatzeko. Astelehenetik aurrera eta urte amaierara bitartean, 950 bonu aterako dira hilean (abuztuan izan ezik): 650, 50 euroko taloitegietan, eta 300, bost euroko taloitegietan.

Osasun krisiak eragindako geldialdiaren ostean, udalerrian jarduera ekonomikoa suspertzeko martxan jarritako neurrietako bat da ekimen hau. Unai Elkoro alkateak "lehentasunezkotzat" jo du tokiko kontsumoa bultzatzea eta dinamizatzea, "pultsu ekonomikoa suspertu eta gure merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuei laguntzeko".

Ekimena herriko negozio guztiei zuzenduta dago: arropa dendak, ile-apaindegiak, tabernak, jatetxeak, gozoki dendak, estetika eta fisioterapia zentroak, akademiak…. Establezimenduak izango dira bonu-sistema horretara doan atxiki ahal izango direnak. Kupoi horiek haurrek, gazteek eta helduek kontsumitu ahal izateko hainbat aukera eskaintzen dira "ahalik eta negozio gehienetara iristeko".

230.000 EURO INGURUKO ERAGIN EKONOMIKOA AURREIKUSTEN DA

Bonuak astelehenetik aurrera salduko dira Arkupen, 9:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Eskuratzen dituztenek txartel horien balioa baino gutxiago ordainduko dute, eta aldea Udalak jarriko du. Horrela, 50 euroko taloitegiak bost euroko hamar kupoi biltzen ditu eta erosleek 35 euro ordainduko dituzte -doan jasoko diren 15 euroak Udalaren kontura izango dira-. 16 urtetik beherakoek, aldiz, 50 zentimoko hamar kupoi izango dituzte eskura. Bost eurotan salduko dira: 3,5 euro erosleak jarriko ditu eta gainerako 1,5 euroak, Udalak.

Kupoi bakoitzak bi hilabeteko iraungipena izango du. Hilabete bakoitzaren hasieran jarriko dira salgai, eta lehenengo hamabostaldian pertsona bakoitzeko taloitegi bateko muga ezarriko da. Bigarren hamabostalditik aurrera, soberan geratzen badira, gehiago erosteko aukera egongo da (maiatzean bigarren aukera hori azken astean eskainiko da).

Ekimen honekin 230.000 euro inguruko eragin ekonomikoa sortzea aurreikusten da bertako saltokietan eta ostalaritzan, herritarrek egiten dituzten erosketa eta kontsumoari esker. Udalak bonu horien% 30a diruz lagunduko du, 70.000 euro inguru.

Kontsumo-bonuak Hemengaz.eus proiektuaren barruan daude. Merkataritzari, ostalaritzari, autonomoei eta negozio txikiei laguntzea da helburua, jarduera bertan behera utzi behar izan dutelako edo osasun krisiaren ondorioz fakturazioa murriztu zaielako.

Udalak, gainera, beste neurri batzuk hartu ditu pandemiaren ondorio ekonomikoak arintzeko. Merkataritzari, ostalaritzari eta profesional liberalei zuzenduta, bi laguntza-lerro sortu dira udal tasa batzuk eten eta murriztean oinarrituta. Horrez gain, 20.000 euro gehiago bideratuko dira kaleetan giroa berpizteko.