Udalak herritarren ekarpenak jasoko ditu animaliak edukitzeari buruzko ordenantza eguneratzeko

2020/05/08
Ordenantza berriaren zirriborroak basa-animaliei jaten emateko debekua eta txakurren jabeek gorozkiak poltsa batean uzteko betebeharra jasotzeaz gain, zigorrak eguneratzen ditu eta txakurrentzako etorkizuneko aisialdi-eremuaren funtzionamendua arautzen du. Atxabaltarrek iradokizunak egin ahal izango dituzte udal webgunean gaurtik maiatzaren 15era bitartean.

 

Aretxabaletako Udalak animaliak edukitzeko eta babesteko ordenantza eguneratuko du, bide publikoan animalien eta pertsonen ongizatea eta bizikidetza hobetzeko. Araudi berriak usoei edo katuei kalean jaten emateko debekua jasotzen du, baita txakurren jabeek maskoten gorozkiak jasotzeko poltsak eraman beharra ere. Bi kasuetan, arau-hausteak arintzat joko dira, eta 60 eta 600 euro arteko isunekin zehatuko dira. Arau-hauste arin eta larrien zenbatekoak ere eguneratu dira.

Animaliak edukitzea arautzen duen udal ordenantza berriaren zirriborroa egin du Udalak eta herritarrekin partekatu nahi du. Horrela, partaidetza prozesu bat abiaraziko da 16 urtetik gorako atxabaltarrek ekarpenak egin ditzaten. Ekarpenak aztertu eta, bideragarritzat jotzen badira, araudian txertatuko dira Osoko Bilkurak behin betiko onartu aurretik. Iradokizunak online egin ahal izango dira gaurtik maiatzaren 15era bitartean. Udal webgunean, www.aretxabaleta.eus, araudia kontsultatzeko eta proposamenak Udalari helarazteko atal bat gaitu da, izen-abizenak, NANa eta artikulua adierazita. Albiste honetan jarritako loturatik eta webgunearen klik batean-Partaidetza ataletik ere sar daiteke.

Ordenantza berrian egindako aldaketak honako hauek dira

1.- 3. artikulua. Animalia basatiaren eta eduki ahal izateko baldintza bereziak bete behar dituzten txakurren definizioak gehitzen dira.

2.- Animaliak behar bezala babesteari 9. artikuluan, basa-animalientzako elikagaiak bide publikoetan uzteko debekua jasotzen da.

3.- 20. artikuluak ezartzen du salaketa bat jaso duten txakurrak kolore gorriko plaka batekin identifikatu behar direla.

4.- 26. artikuluak txakurra lotzeko luza daitezkeen uhalak erabiltzea debekatzen du.

5.- 33. artikuluak gaineratzen du nahitaezkoa dela poltsak eramatea txakurren gorotzak bide publikotik jasotzeko.

6.- 34. artikulua berria da, eta txakurren jolas-guneak arautzen ditu.

7.- Arau-hausteei buruzko 38. artikuluan honako kasu hauek gehitzen dira: gorozkiak uzteko poltsak ez eramatea, animaliak bide publikoan elikatzea eta txakurrentzako aisialdi-eremua erabiltzeko arauak urratzea.

8.- Arau-hausteei dagokienez, arinak 60 eta 600 euro artean daude (gaur egun 43 eta 431 euro artean), eta larriak 600 eta 2.156 euro artean ordainduko dira (une honetan, 431 eurotik 2.156 eurora). Arau-hauste oso larriak ez dira aldatzen, eta 2.156 eurotik 21.565 eurora arteko zigorrak ezarriko zaizkie.

 TXAKURRENTZAKO AISIALDI GUNEA

Udalak txakurrentzako aisialdi gune bat egokitzeko asmoa du. Gune hori erabiltzeko aipatutako ordenantzan arautzen diren arau batzuk bete beharko dira, besteak beste: txakurrek uneoro pertsona heldu batek lagunduta egon beharko dute; erroldaturik dauden, mikrotxipa duten eta higiene eta osasun-arloan indarrean dagoen araudia betetzen duten animaliak bakarrik sartu ahal izango dira; uhalarekin sartu eta atera beharko dira, eta pilotak eta jostailuak erabiltzea baimentzen da (borrokan gertatzen direnean elementu horiek behehala kenduko dituzte).

Aisialdirako gune hori Txarapea inguruan atonduko da (17 eta 21 etxebizitzen aurrean), eta 900 metro karratuko azalera hartuko du. Udalak txakurrentzako eta pertsonentzako bi sarrera (bat goian eta bestea, behean) dituen espazio bat egokitzeko asmoa du, bi jarlekuekin batera. Halaber, sarbide bat jarriko da eremuaren mantentze-lanez arduratzen diren makinentzat.

Udalerrian erregistratutako txakurrak 500 inguru dira.

Animaliak edukitzea eta babesten duen udal ordenantza.