Produktu ekologikoen eta artisauen 60 postu jarriko dituzte San Migeletako azokan

2019/09/19
Berritasun bezala, nerabeei zuzendutako ‘Alkoholik gabeko dj festa’ antolatu dute.

 

60 postuk jantziko dute Aretxabaletako Artisautzaren eta Nekazaritza Ekologikoaren XXV. Azoka, irailaren 28an. Urtero moduan, Durana kalean bertako produktuak ikusi, erosi eta probatzeko aukera egongo da. Horrez gain, bertako ganaduen V. Feriak Arlutzeko kantxa girotuko du, Luis Mari Alberdi baserritarraren animalien eskutik.

Sanmigelak “gure tradizioetatik elikatzen” diren jaiak diren arren “berritasun batzuekin” datorrela adierazi du Unai Elkoro alkateak, egitarauaren aurkezpenean. Baserritar jantzia soinean jarrita kalera irtetzeko deia luzatu du alkateak, eta festak “berdintasunean eta errespetuan” oinarritu behar direla ere nabarmendu du.

Berritasun bezala, hilaren 27an, nerabeei zuzendutako ospatuko den ‘Alkoholik gabeko dj festa’ narbarmendu du Kultur zinegotzi den Ainhoa Caberok. Gaueko 22.00etatik aurrera, 12 urtetik gorako gaztetxoak komentuko lorategian elkartuko dira –eguraldi txarrarekin, kaperan-, Oihan Vegak gidatuko duen festarekin gozatzeko. “Nerabeen artean ematen den kontsumoaz kezkatuta, Udalak, Farapi aholkularitzaren laguntzarekin, azterketa bat egin zuen aurreko legealdian. Bertan, nerabeek astebukaeretan zein jaietan eurentzako aisialdirako ekintzarik ez dutela ondorioztatu zuten”. gaineratu du Caberok. Kultur zinegotziaren esanetan, Udalaren helburua “jaietako egitarauetan nerabeentzako ekintzak sartzea” da.

TIKETAK, GAURTIK AURRERA SALGAI

San Migel jaiak irailaren 27an hasiko dira Aretxabaletako eta Bergarako erraldoien konpartsen kalejirarekin. Egun horretan, kantu afaria izango da protagonista Herriko plazan, eta bertan parte hartzeko tiketak gaur jarriko dira salgai Arkupen. 500 bat atera ditu Udalak, baina eguraldiak lagunduz gero, egunean bertan beste ehun tiket egongo dira eskuragai.

Larunbat goizean, aldiz, Euskal Herriko toki ezberdinetako ekoizle eta artisauak batuko dira azokan; gipuzkoarrak gehienak, eta nola ez, Aretxabaletakoek ere ez dute hutsik egingo. Eztia, ardi eta ahuntz gazta, ogia, haragia, baratxuriak…, askotariko produktuekin disfrutatu ahal izango dute azokara gerturatzen direnek. Zehazki, 20 postu egongo dira ikusgai nekazaritza ekologikoaren atalean, eta 41 artisautzan, horietatik 12 aretxabaletarrak. Guzti honekin batera, txistulariek, trikitilariek, txalapartariek eta bertsolariek girotuko dute usain goxo eta artisautza bitxikeriaz betetako azoka.

Eta jaiei agurra emateko, San Migel egunean, igandean, Aretxabaletako abesbatzak kontzertua emango du Iturrigorri pilotalekuan. Aurten, gainera, Andra Mari kontsumo kooperatiba bultzatu zutenei omenaldia eskainiko diete musikaren bidez. 1962ko martxoaren 31an inauguratu zen Akizutarren korta izan zen Durana kaleko seigarreneko etxabean. Kontsumo kooperatiba hau, beste herrietan abian jarritako halako dendekin batera, kontsumo eta zerbitzu enpresa handi bati sortzeari ekin zioten. Horrela, 1969an Eroski jaio zen, orain dela 50 urte.