Badator korrika!!!

2013/01/17
Aretxabaletan korrika datorrenerako dena prest egon dadin prestaketak egiteko lantalde bat hasia da lanean.

Talde honek, Aretxabaletan korrikari laguntzeko aurrera eramango diren kultur ekintza, material salmenta, ekitaldi eta bestelakoak aurrera eramatea du helburu.

Korrika laguntzeko modu asko dago baina, horietako bat korrika lagun egitea da. Loramendi Elkartean eta Udaletxean duzue korrikalaguna egiteko aukera. Laguntzaile egiten diren guztiek, 12 euroren truke, laguntzaile direla adierazten duen pina, urtarriletik aurrera Euskal Herriko ehunka komertziotan beherapenak izatea ahalbidetuko dien Korrika laguntzailea txartela, eta txartela erabili ahal izango den komertzioen katalogoa eskuratuko dituzte.

Horrez gain, Korrika 18k euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren milaka eta milaka pertsonak omendu nahi ditu. Txotx erraldoia egingo dugu urtarrilaren 26an, Usurbilen. Bertaratzeko sarrerak Loramendin daude salgai (Sarrera 10 euro: jatekoa, sagardoa, kontzertua eta autobusa barne).

Aurten Korrika 18k Lekukoaren bila ginkana ere antolatu du, hau da, proba eta pista jolasa. Ausartuko al gara Aretxabaletan taldea osatu eta bertan parte hartzen? Taldeak 8 pertsonakoak izango dira.

Herrialdeko kanporaketak martxoaren 2-3an edo 9-10ean egingo ditugu eta finala Korrikaren amaierako jaian jokatuko dugu, hau da, martxoaren 24an Baionan. Saria? Euskaraz jolastu, ondo pasatu… eta talde irabazlearentzako BIDAIA ZORAGARRI BAT! izena emateko aukera duzue Loramendi Elkartean.