Euspot lehiaketak gazteak kooperatibismora gerturatuko ditu

2022/01/28
Euskarazko spot lehiaketaren hamaikagarren edizioak 3.000 euro baino gehiago banatuko ditu sei saritan. Irabazleak 1.000 euro eskuratuko ditu. Hamaika urteko ibilbidean, 500 spot inguru jaso ditu lehiaketak. Aitzindaria da Euskal Herrian euskara, sormena eta publizitatearen arloak uztartzen. 30 segundoko lanak izango dira eta maiatzaren 19ra arte aurkez daitezke.

Euspot euskarazko spot lehiaketaren hamaikagarren edizioak kooperatibismoa eta eredu kooperatiboaren balioak gazteen artean zabaltzeko helburua du. Lehiaketaren edizio berria asteazkenean aurkeztu zuten Euskadiko Kooperatiben Goren-Kontseiluaren eraikinean. Ekitaldian, aipatutako kontseiluaren idazkari nagusiak, Belen Balerdik; Arantzazu Lagunillak (Arteman Komunikazioko zuzendaria); Unai Elkorok (Aretxabaletako alkatea); Mondragon Unibertsitateko Komunikazio digitala ibilbideko koordinatzaileak (Xabi Igoa); Bai Euskarari Elkartearen zuzendariak (Rober Gutierrez), eta Arizmendi ikastolako komunikazio arduradunak (Naiara Okina) parte hartu zuten.

Euskarazko spoten sorkuntza bultzatzeko jarri zuten martxan Euspot euskarazko spot lehiaketa 2001 urtean. Euskal Herrian aitzindaria da euskara, sormena eta publizitatearen arloa uztartzen eta erreferente bilakatu da euskarazko publizitatearen harrobia lantzen. Aurtengoa, jada, 11. edizioa izango da eta landu beharreko gaia  Zergatik lan egin kooperatiba batean? izango da. Hain justu ere, 2022ko edizio honetan Euskadiko Kooperatiben Goren-Kontseilua izango da babesle nagusia.

Zerk bereiztu du kooperatiba bat eta kooperatiba ez den enpresa bat? Zergatik nahi duzu kooperatiba bat sortu edo kooperatiba batean lan egin? Zer eskaintzen digu proiektu kooperatibo batek bestelako ereduekin alderatuta?. Kooperatibista izatea edo kooperatibismoa, eredu gisa, zer da zuretzat? 30 segundoko iragarkia sortu beharko da, pertsona kooperatiboak, bereziki gazteak, eta kooperatibismoa balioan jartzeko. Formatua librea izango da, eta horizontalean zein bertikalean grabatu ahal izango da. Lanak aurkezteko epea maiatzaren 19ra arte egongo da zabalik.

3.000 euro baino gehiago sei saritan

Sari nagusiak:

  • Spotik onena (1.000 euro).
  • Publikoaren saria (500 euro).
  • Gazteen saria (14-18 urte) (500 euro).
  • Musika sinkronizazio onenaren saria (300 euro).

Sari gehigarriak:

  • Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena (500 euro).
  • Arizmendiko ikasleen spotik onena (250 euro).

Sormenari buruzko ‘online’ formazioa

Aurten ere antolakuntzak ikus-entzunezko publizitatearen gaineko online formazioa eskainiko du spot egileen harrobia indartzeko asmotan. Formazio saioen helburua gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzea eta lehiaketan parte hartzera animatzea izango da.

Euspot.eus-ek 20.000 bisita

Nabarmentzekoa da euspot.eus webguneak urtero 20.000 bisita inguru jasotzen dituela eta sare sozialetan 2.000 jarraitzailetik gora dituela. Parte-hartu nahi dutenek, lehiaketako briefinga eta oinarriak Euspoteko webgunean dituzte eskuragai. Eta http://www.euspot.eus/parte-hartu loturako galdetegia bete beharko  dute lana aurkezterakoan. Informazio gehiago www.euspot.eus atarian lor daiteke.

Honako hauek dira babesle eta antolatzaileak:

Babeslea:

  • Euskadiko Kooperatiben Goren-kontseilua.

Antolatzaileak:

  • Aretxabaletako Udala
  • Arteman Komunikazioa
  • Mondragon Unibertsitatea
  • Arizmendi Ikastola

Laguntzaileak:

  • Bai euskarari
  • Music Library