ElkarTruke ekimena

2013/02/12
Bagarako Herrigintza Gaztearen baitan sortutako ekimena da ElkarTruke.

Ekonomia bideragarriagoa, ingurumen bizigarriagoa eta finean, gizarte bidezkoago bat lortze bidean, iraunkortasuna beraz helburu, gure bailaran kontsumo arduratsua eta birziklapenaren kultura sustatu nahi duen egitasmoa da ElkarTruke.

Bakoitzaren beharrak trukearen bitartez asetzea posible dela ikusaraztea da gure erronka nagusia. Norberak arrazoi ezberdinengatik behar ez dituen ondasunak, ustez balioa galdu duten horiek, beste norbaitentzat baliagarri izan daitezkeenaren ideia zabaldu nahi dugu.

Poliki-poliki TRUKE DINAMIKAK martxan jartzea da gure asmoa, dirurik erabili gabe izaera ezberdinetako ondasunak elkartrukatzeko espazioak antolatzea.

Horretarako, etxean dituzun arropa, oinetako, liburu, jostailu edo bestelakoak biltzeko kanpaina hau abiarazi dugu. Ekarri behar ez dituzun horiek, eta txartel bat jasoko duzu trukean, ElkarTruke ekimenak udaberrian jarriko dituen azoka ezberdinetan beste zerbaitegatik trukatzeko aukera emango dizuna alegia.

BILKETA PUNTUA:

  • BAGARAren egoitza, Aretxabaleta.

 

Puntu horietan utz ditzakezu sobera dituzun horiek, eta bertan emango dizute trukerako erabiliko duzun txartela. 

ESKERRIK ASKO ZURE PARTE HARTZEAGATIK!!