Komentu zaharrean kokatuko den adinekoentzako gizarte zentroaren proiektuaren idazketa esleitu da

2020/07/28
Lehenengo fasean beheko solairuko obrak egingo dira, Basotxoko egoitza eta estimulazio kognitiboko tailerrak hartuko dituena. Erabilera anitzeko gela ere egokituko da kapera zaharrean. Baliabide ekonomikoen arabera, progresiboki beste zerbitzu batzuk gehitzen joango dira, hala nola, eguneko arretarako zentroa eta bakarrik bizi diren adineko pertsona autonomoentzako jantokia.

 

Udalak Santa Rita komentu zaharrean kokatuko den adinekoentzako gizarte zentroaren proiektua idazteko lanak esleitu ditu. David Sanchez Bellido-Iturbe Eraikuntza Tekniko Taldea UTEa arduratuko da lan hori egiteaz, eta 88.572 euroko kostua izango du Udalararentzat (obra zuzendaritza barne).

Eraikinaren beheko solairuan Basotxo jubilatuaren egoitza egongo da, dagokion taberna, jangela eta bulegoekin, baita autonomoentzako eta/edo mendekotasun baxuko pertsonentzako eguneko arreta zentro bat ere. Lehenengo solairuak, aldiz, adineko pertsonentzako ostatuak jasoko ditu. Datozen hilabeteetan egingo den proiektuak zerbitzu horiek guztiak hartuko dituzten instalazioak diseinatuko ditu. Lanak, ordea, hainbat fasetan gauzatuko dira. COVID-19aren osasun krisiaren eragin ekonomikoak hasierako aurreikuspenak aldatu ditu. "Adineko pertsonentzako gizarte zentroak gure proiektu estrategikoetako bat izaten jarraitzen du; atxabaltar horien beharrei erantzuteko baliabideak ematea du helburu", nabarmendu du Gizartegintzako zinegotzi den Karmele Uribarrik. Hala ere, pandemiaren ondorioek "ezarri genituen epeak aldatu" dituztela aitortu du Uribarrik. "Egungo egoerak behar berriak sortu ditu eta horiei erantzun behar diegu. Edonola ere, adinekoentzako zentro sozialaren proiektuari ekiteko konpromisoari eusten diogu eta bertan lanean jarraitzen dugu ", azpimarratu du Uribarrik.

LEHENENGO SOILAIRUTIK HASITA

Beraz, Udalak beste urrats bat eman du komentuaren eraikinari erabilera berria emateko. Legegintzaldi honetan egitea aurreikusten den lehenengo fasean beheko solairuan soilik jardungo da, eta bertara eramango dira Basotxoko egoitza eta gaur egun Arkupen ematen diren estimulazio kognitiboko tailerrak. Instalazio horiek atontzeko milio bat euro inguruko inbertsioa aurreikusten da. Horren barruan sartzen dira kaperan erabilera anitzeko gela egokitzeko obrak ere.

"Planek aurrera jarraitzen dute, baina pandemiak sortutako egoera ekonomikora egokitu behar izan dugu. Basotxo eta estimulazio kognitiboko tailerrak izango dira eraikinean kokatuko diren lehenak. Baliabide ekonomikoek uzten diguten heinean, eguneko arretarako zentroa eta bakarrik bizi diren adineko pertsona autonomoentzako jantokia progresiboki txertatuko dira", azaldu du Uribarrik. Lehenengo solairuan kokatuta egongo diren adinekoentzako ostatuei ondorengo faseetan ekingo zaie.

Aldi berean, Osakidetzak, Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratuaren (ESI) bidez, zentro soziosanitarioaren proiektuaren idazketaren esleipen prozesua abian jarri du. Zaharren egoitza gisa erabiltzen zen eraikinak (gaur egungo Basotxo). osasun zentro berria eta udaleko gizarte zerbitzuak jasoko ditu.