www.aretxabaleta.eus

Estitxu Pinatxo: "Haize gorri batek"

Pianoa eta ahotsa.

Abeslari eta musikagile nafarra da Estitxu (Bera, 1987). Gazte-gaztetatik musikarekiko lotura estua izan du.

Hainbat lehiaketatan parte hartu ondoren, 15 urterekin sartu zen musika munduan, Egan erromeria taldearen deia jaso zuenean. Geroago, bertze hainbat talde iritsi ziren: Iratxo, TrikitaKe, Damba...

Horien bitartean bertzelako estiloetan ere ikusi ahal izan dugu: Josetxo Goia-Aribe jazz saxofoi jotzaileak sortutako Los pendientes de la reina - Emakume baten oroimena ikuskizunean; Egunsentiaren kantak proiektuan (Pier Paul Berzaitz, Erramun Martikorena eta Magali Zubilagaren konpainian); joandako euskal musikarien oroimena eta etorriko direnak batzen zituen Sortuko Dira Besteak egitasmoan (Alex Sardui, Mikel Urdangarin, Mixel Ducau, Petti eta Olatz Pratekin batera); Imanol Larzabali egindako omenaldian...

Etxeko pantailetatik ere ikusi ahal izan dugu Estitxu. Izan ere, Euskal Herriko telebista kateetako hainbat saiotan zein Tele5en ere ibilia da, batzuetan abesten eta bertze batzuetan epaile lanetan.

Gaur egun, Dama Beltzak izeneko proiektua ere aurkezten ari da. Mikel Santxezen konpainia paregabearekin, formatu ttikian, musikaren bitartez borroka egin zuten hainbat emakume omenduz.

Estitxuren ibilbidean nabarmena da bertze artista batzuen ondoan aritzea gustuko duela, baina bazuen gogoa sorkuntzaren bidean hasi eta bere zigilua eramanen zuen lanen bat argitaratzeko. Eta horrela iritsi da bere lehen lana: Haize gorri batek. 2019ko azaroan aurkeztu du.

Bere abesti propioez osatutako diskoa da. Euskaraz idatzitako testuak ukitu beltz nabaria duen musikaz jantzi ditu nafarrak, bere ahots indartsuaren kalitatea eta distira agerian utziz.

Eguna:

  • Maiatzak 23, domeka: 19:00

Edukiera: 50 pertsona

Sarrera: 4 € (Maiatzaren 3tik aurrera salgai)

Zer
MUSIKA
Noiz
2021/05/23 19:00 - 20:00"
Non
Zaraia aretoa
Hitzordua egutegira gehitu
iCal