www.aretxabaleta.eus

Arteman komunikazioaren artisauak “MENDIAN HIL, HIRIAN HIL”

2021eko martxoak 3 eta 5 – 19:00 – Zaraia aretoa – 3 €

 

Oroitzapenaren eta itxaropenaren gaineko dokumentala

Heriotzari buruzko solasaldia, mendia kalearekin konektatzen duena, eta kalea mendiarekin. Oroimenaren aldeko aldarrikapena. Itxaropenaren aldeko kantua. Doluari buruzko trilogia bat borobiltzen duen dokumentala. “Emango baziguten aukeran non hil, hil nahiko genuke bizitza gehien maite dugun lekuan”. 20 eta gutxi urterekin edo 100 urterekin ondo beteta. 7.000 metrotan edo itsas mailan.

Mendi tontor elurtuan edo eta ospitale bateko logela batean hildako senide bat gogora ekar dezakegu bihotzean minik sentitu gabe? Maite dugun pertsonaren heriotza, galerak eragindako mina eta sufrimenduaren gainditzea nola bizi ditugu. Iraganean errotutako etorkizunak eragiten duen itxaropen, joan zirenak gogora ekartzea… Horiexek dira Iñaki Peñaren dokumental berriaren hari-muturrak. Iñaki Peña Debagoienako Ospitaleko Zainketa Aringarrietako medikua da. Eta honako hau da bere ikus-entzunezko hirugarren lana; heriotza, dolu prozesua eta gainditze fasearen inguruko trilogia bati amaiera ematen diona.  

“Zergatik neurtu mendiak metrotan? Zergatik ez neurtu gugan eragindako bizi-pozagatik?”. Hausnarketa Felipe Uriarte alpinistarena da. Uriarte erreferentea da Himalayazale askoren artean. Euskal Herrian mendizale askoren artean oso ezaguna. Honako adierazpenok Mendian Hil, Hirian Hil dokumentalean plazaratzen ditu. Iñaki Peñaren dokumental berriak bizitzaren eta heriotzaren arteko hari finetik egiten du bidea eta ikusleari oroitzapenaren eta itxaropenaren aldeko mezua helarazten dio.

Iraupena: 58 min

Zuzendaria: Iñaki Peña Bandres

 

More information about this event…

Emanaldiak

  • Martxoak 3: 19:00
  • Martxoak 5: 19:00