UDAERO 2011

2011/06/06
Aurten ere, uztailean Aretxabaleta eta Eskoriatzan gelditzen diren 12-17 urteko gazteek plan bereziak izango dituzte hilabete guztian zehar.

UDAERO programaren 5. edizioa izango da aurtengoa  eta eguna pasatzeko sei irteera, azken festa bat eta lau eguneko irteera luzea antolatu dituzte. Izaera ezberdineko irteerak izango dira eta guztiak Aretxabaleta eta Eskoriatzako gazteek gaztelekuetan bertan  proposamenak jaso eta gero antolatu dituzte. UDAERO uztailaren 4an hasi eta 24an amaituko da, eta izen ematea irekita dago, irteera batzuetan plazak mugatuak izango dira.

Hona hemen banan bana proposatutako ekintzak:

  • Abentura irteera
    Uztailaren 4an Abentura irteera izango dute, Beigorri abentura parkera joango dira, Lekunberrira, bertan zuhaitzen gainetik zirkuitua, tirolina,eta bestelakoak pasatu ondoren Nafarroan pasatuko dute eguna. Irteeraren prezioa 10 eurokoa izango da. Irteerako ordua goizeko 9etan autobus geltokian.

 

  • Orienting lasterketa
    Uztailaren 6an berriz Orienting lasterketa bat antolatu dute Urkulu inguruan, 5 pertsonako taldeak osatuko dituzte eta taldeak beraien artean lehiatuko dira mapa eta brujula eskuan dituztela. Ibilbide zuzena gauzatzen duen lehen taldea izango da irabazlea. Lasterketan izena emateko 2 euro ordaindu beharko dira. 11etan hasiko da lasterketa Urkulun.

 

  • Albiñara Irteera
    Uztailaren 7an irteera “txomingeroa” egingo dute, Albiñara joan eta parrillada egitea da asmoa. Goizeko 11etan elkartuko dira.

 

  • Gamarrara irteera
    Uztailaren 11n UDAEROn klasiko bat bihurtu den Gamarrako igerilekuetara irteera egingo dute, 5 euro ordaindu eta goizeko 11etan irtengo dira Gasteiz aldera.

 

  • Mendira lotara izarrak ikustera
    Uztailaren 14an bazkaldu eta gero Aitzorrotz ingurura joango dira, asmoa bertan gaua igaro eta izarrak ikustea izango da. Uxarran antolatuko dute kanpamendua. Irteera honetara etortzeko 2 euro ordaindu beharko dira eta plaza mugatuak egongo dira.

 

  • UDAEROko Azken festa
    Uztailaren 18an urteroko azken festa eta kontzertua  izango dute herrietako musika talde gazteekin.

 

  • Kostara lau  egunetako irteera
    Azkenik, uztailaren 12etik 24ra, kostaldera joango dira bertako kanpin batean  lau egun igarotzera. Irteera hau Arrasate, Eskoriatza eta Aretxabaletako gazteekin egingo dute. Bilera bat egingo da argibide guztiak emateko. Irteeraren kostua 40 eurokoa izango da.

 

Ekintza hauetan izena emateko,  UDAEROko izen emate fitxa bete eta diru sarreraren ziurtagiriarekin edo diruarekin gazteleku  edo gazteria bulegora joan beharko da. Izen emateko azken eguna ekainaren 30a izango da.

udaero_2.JPG