Mugikortasun Astea ospatuko da Aretxabaletan, larunbatean hasita

2018/09/12
Aurtengo berrikuntza Skate Festa izango da, larunbatean irailaren 15ean ospatuko dena, egun osoan zehar.

 

Azken urteotan bezala, Aretxabaletako Udalak Mugikortasun Astea antolatu du, beste elkarte batzuekin elkarlanean. Ekintza ugari aurreikusten dira datozen egunotan. Aurtengo leloa “Konbina ezazu eta mugi zaitez!” da, Europar Batasunak aukeratu duenarekin bat eginez. Helburua, herritarrak garraio desberdinak erabiltzera animatzea da, bai pertsonen joan-etorrietan bai merkantziak garraiatzeko orduan. Modu honetan irabaziko da erosotasunean, aurrezpenean eta gainera jasangarriagoa izango da. Hau da, garraiobide publikoak eta jasangarriak konbinatzea da mezuaren muina.

Skate festa larunbatean

Arraska taldeak antolatu eta girotuko ditu larunbateko ekintzak, Aretxabaletako Skateparkean. Goizean zehar, animatzen direnek aukera izango dute skate batera igo eta froga egiteko, 11:00-13:00 ordutegian. Arratsaldez, berriz, 15:30etik aurrera, txapelketa egingo da, kategoria desberdinetan banatuta. Eta ekintzei amaiera emateko sari banaketa egingo da, 17:30etik Aurrera.

Ekintzez beteriko astea

Mugikortasun Asteak beste hainbat ekintza ere izango ditu ondorengo egunetan. Igandean, irailak 16, III. BTT martxa antolatu du UDA elkarteak eta hiru ibilbide desberdin bereiztuko dira: 10 km, 27 km eta 45 km. Izen-emateak goizeko 8:30etik aurrera egingo dira, plazan bertan.

Irailaren 19an, bigarren eskuko bizikleten azoka eta ibilgailu elektrikoen erakusketa egingo da; azken hauetariko batzuk Aretxabaletako Lanbide Institutuko ikasleek eginikoak. Arratsalde partean, 17:00-20:00 azoka irekiko da eta aukera egongo da denetarik erosteko: bizikletak, patineteak, kaskoak, … Edozein gauza saltzeko interesa izanez gero, irailaren 18an (11:00-13:00 / 17:00-19:00) edo irailaren 19an (11:00-13:00) entregatu beharko da plazan.

Ostegunean, irailaren 20an, martxa osasungarria egingo da, Ibarra kiroldegitik irtenda, goizeko 9:30ean. Eta azkenik, igandean, irailak 23, familientzako bizikleta martxa egingo da. Irteera, goizeko 10:15ean egingo da Kurtzebarritik eta ibilbidea hauxe izango da: Aretxabaleta-Torrebaso-Aretxabaleta.